Giza duintasunaren eredu
2012 Urtarrila 15 | Iritzia, euskal herria | Iruzkinik Ez
Azkenean atxilotu dute. Ekaitz Samaniego, gure ikaskidea, eraman zuten bart Ertzainek. Bere aldeko manifestazioa egin zuten Gasteizen, eta bukaeran Ekaitzek agerraldia egin zuen. Aski da! zioen pankartak, eta aski dela nabarmendu nahi izan zuten bertaratu ziren lagun guziek. Izan ere, aro berriari egokitu ezinik dabiltza batzuk.
Ezin ukatu dezaket irudiek zirrara pizten dutela niregan. Sentimendu kontrajarriak nahasten dira nire barnean. Herriaren erantzun zabala, Ekaitzek eman duen duintasun ikasgaia… baina era berean, inpotentzia, pena, nazka eta amorrazioa. Beste bat gehiago bahitu dutelakoz, beste bat gehiago zulora doalakoz, antza ez delakoz aski mendeetan barrena zapaldu gaituen Estatuarendako.
Leioan ezagutu nuen Ekaitz, kazetaritzan, 31. taldeko kidea baitzen bera, ni bezala. Behin edo behin hartu izan dugu kaferen bat, pintxoren bat. Ez genuen harreman handirik agian, baina nire klase-kidea zen, eta horrek bultzatu nau bere epaiketa gertutik jarraitzera, baita azken aldian gertatu direnak segitzera ere.
Egun hauek luze joko zuten Ekaitzendako. Sentimendu kontrajarriz beterik biziko zituen seguruenik. Alde batetik herritar eta talde aunitzen elkartasuna jaso du, baina bestetik, kartzela saihesteko esperantzarik gabe. Garan irakurri dut berari egindako hondar elkarrizketa, eta zinez hunkitu naute hitzok. Ez zuen etsaiaren showaren parte izan nahi, eta herritarren babespean eramanen zutela iragarri zuen. “Atxilotuz gero, hori ez da gertatuko jende horri gustatzen zaion moduan, goizeko ordu txikietan, haiek bakarrik egonda, haiek aldez aurretik abisatutako hedabideetako lagunekin. Nire atxiloketa gertatzen bada, berdin dio hori non izango den, herriaren erantzun potentea izango duen unea izatea nahi dut, agerikoa izango da, eta herritarrari salaketa baten testuinguruan iritsiko zaio. Hala izatea da nire asmoa”.
Eta halaxe izan da. Zulora eramanen dute, bai, baina “Ekaitz herria zurekin” oihukatzen zuten hamaika lagunen elkartasuna eramanen du berarekin. Ez diote kontatu, bizi izan du, eta hori izugarria behar du izan. Izugarria den gisan egun hauetan Ekaitzek erakutsi duen jarrera. Giza duintasunaren eredu izan da.
Aski dela aspalditik diogu. Ez da aldarri berria, ez, atzo Gasteizko karriketan aditu zena. Ez dugu gazte bat gehiago ikusi nahi zuloan, eta ez dugu euskal herritar bat gehiago ere utzi nahi espainiarren eskutan. Orain ez du zentzurik, baina lehen ere ez. Aro berrian diogu aski dela, baina ez ahantzi, aro zaharrean ere ozen aldarrikatzen genuela: aski da!
Ekaitz Samaniegoren atxiloketa
Euskaraz. Behar eta nahi
2011 Azaroa 12 | Iritzia, berria, euskal herria, euskara | Iruzkin 1
Euskararen egun arrakastatsua ospatu genuen iragan asteburuan Arrosadian. Auzokide asko bildu ginen egun osoko egitarauaz gozatzeko. Bazkarian, adibidez, 90 lagun inguru egon ginen sagardotegi menuaz gozatzen. Baina besta eta aldarria eskutik joan ohi dira gure herrian, eta Euskal Herrian Euskarazek auzoko euskalgintzaren borroka zabaldu nahi izan zuen jai giroan. Dudarik gabe, haur eskola euskaldunaren aldeko aldarria izan zen nagusi, goizeko antzerkitxoan eta baita arratsaldeko kalejiran ere.
Haur eskola berria eraiki dute Arrosadian. Kostata, baina, azkenean ikasturteari ekin zion abuztua hondarrean. Zoritxarrez, eta Iruñeko Udal gobernuak ohi duenez, haur eskola honek euskara baztertu egiten du, erabat ezkutatu, ostrazismora kondenatuz. Hala ere, gure hizkuntzaren alde egiteko gogoz jarraitzen du auzoko euskalgintzak, eta joan den urtean aurkezturiko batzordea lan eta lan ibili da udan sinadurak biltzen. Euskarazko eredua, horixe da gure aldarri soil, baina ezinbestekoa euskara baztertu egiten den hirian.
Arrosadiako haur eskola berriak 112 haur artatzeko aukera duela iragarri zuten Nafarroako egunkari lokalek, eta Udalaren webgunean azaltzen denez, 87 haur matrikulatu dira aurten. Eskola honek, Printzearen Harresiren (haur eskola zaharra) plaza kopurua handitzeko aukera eman du, eta haur eskola batetik bestera pasatu dituzte umeak. Era berean, eskariari hobeki erantzuteko aukera ematen dio.
Orduan, zein da arazoa? Eskaririk garrantzitsuena bazterrean utziko duela Printzearen Harresi haur eskola berriak. Izan ere, gaztelania hutsezko eredua ere mugitu dute eraikin batetik bestera. Egunkari honek apirilean argitaratu zuenez, zerbitzu hau eskatzen duten gurasoen %77k euskarazko eredua nahiago du Iruñean. Zoritxarrez, bi haur eskolatan baizik ez da euskaraz lan egiten, eta biak Txantrea auzoan daude: Izartegi eta Egunsenti. Beraz, Iruñean 0 eta 3 urte duten 4.509 haurretatik, 123k baizik ez dute euskarazko eredua jasotzeko aukerarik. Hau da, haurren %3ak ere ez ditu euskaraz egiten bere hezkuntzako lehenbiziko urratsak. Gainera, azken urteotan 10 haur eskola eraiki dira, eta batek berak ere ez du euskarazko zerbitzurik ematen.
Iruñeko Udalak ez dio eskariari behar bezalako erantzunik ematen, haien interes alderdikoiei jarraiki beti ere. Hiriburua eremu mixto izendatu duten horiek beraiek ez dituzte haien legeak ongi betetzen. Euskara bazterturik dugu Iruñean, eta herritarren aurkako neurriak hartzen dituzte alderdi espainolek. Bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituzte, haien azpian nahi gaituztelako. Bien bitartean, British eredua jarri nahi dute euskararekin lehian. Baina, beti ere, abantailarekin, gehiago baitira gisa horretako haur eskolak euskaldunak baino.
Aitzitik, euskaltzaleak indartuz goaz. Lan egiteko gogoak ez dira galdu, eta euskalgintzak hauspoaren lana egiten jarraitzen du Iruñea erdaldunean euskarari behar duen bultzada emateko. Euskararen egunak, elkarretaratzeak, Udaletan aurkezturiko mozioak… herri mugimendua ez dago geldirik. Arrosadian ere, sinadurak bildu eta mobilizazioekin aurrera goaz, haur eskola guziak euskaldundu arte. Euskarazko eredua behar eta nahi dugu, Iruñea euskalduna eraikitzera goazenok behinik behin; eta horretara goaz.
Hasia da gerra
2011 Iraila 26 | Iritzia, euskal herria | Iruzkinik Ez
Botereak eta herritarrek talka egiten dute, hori dute naturalena. Biek nahi dute askatasuna nahi dutena egin ahal izateko, eta horrek dakar haien arteko talka. Izan ere, baten botere nahiak bestearen askatasun eskubidea zapaltzea dakar sarri. Orduan, botereak gerra deklaratzen die herritarrei, jakin baitaki indarkeria erabiltzen nagusi dela. Bilboko Kukutza III gaztetxeak giharra erakutsi dio Udalari azken hilabeteotan, eta orain Iñaki Azkuna alkatearen txanda izan da; otsoak hortzak erakutsi dizkio artaldeari.
Gerra deklaratu du, eta indarkeria nagusi izan da Errekalde auzoko kaleetan. Tanketak, helikopteroak, armaturiko poliziak… Bilboko Udalak bere potentzial militarra agerian utzi du. Bestalde, kontainerrak gurutzatu eta erre dituzte gaztetxearen aldekoek. Iruñeko Euskal Jaia hustu zutelarik ere gerra piztu zen Alde Zaharreko kaleetan. Gomazko pilotak alde batetik, eta harriak bestetik. Zauritu aunitz, atxilotuak ere dezente. Gerra botereak irabazi zuen, Iruñeko Udalaren asmo guziak bete baitziren 2004ko irailean. Iruñeko Gaztetxea hustu eta bota zuten.
Baina han ez zen akitu gerra. Okupazioaren aldeko mugimendua txikitu zuen Yolanda Barcina orduko alkateak, eta jadanik ez da Euskal Jairen arrastorik geratzen. Bandera laranjaren defendatzaileak jazarri eta desagerrarazi zituen. Beraz, litekeena da Bilbon ere gerra luzatzea. Batzuk saiatuko dira Kukutza IV eraikitzen, eta Boterea saiatuko da kolore laranja behin betiko ezabatzen Bilbaoko kaleetatik. Aitzitik, lan zaila du Azkunak, Bilbon indar handia baitu herri mugimenduak, oro har. Gerra luze honetan, elkartasuna eta lana izanen dira Botereari aurre egiteko ezinbesteko tresna. Amets hau ez da akitu, jarraitu aurrera, eta Iruñean pasatu zena ez dadila errepikatu Bizkaiko hiriburuan.
Euskal Jai gaztetxea hustu zuten 2004an
Ez naiz ni, tradizioa da
2011 Uztaila 26 | Iritzia, euskal herria | 7 IruzkinElizondoko bestak dira, Santioak. Urtero bezala, mutildantzak plazaratzeko egun bereziak. Azken aldian, baina, lainoturik ageri da besta, eta ez bakarrik egun hauetan zaparrada bota duten hodeiengatik. Ez da aurtengo kontua, luze dator, baina aurten ere errepikatu dira mutildantzetako gatazkak. Batzuek ez dutela neskarik onartu nahi, besteek ez dutela inolako arazorik. Herri aunitzetan sortzen den gatazka dugu hau, eta Baztanen oro har, eta Elizondon espreski bizi bizi dago polemika oraino.
Erreferenduma eskatzen dute batzuek, edo behintzat eztabaida publikoa. Haien esanetan “inposizioa” da neskak ere plazan ateratzea. Baina zer da eztabaidatu nahi dutena? Edozer eztabaidatu daiteke? Edozer erabaki dezakegu gehiengoaren jabe bagara? Ez dakit zenbat izanen diren neskek mutildantzak dantzatzearen aurkako, eta berdin dit egia esan. Hau ez da hautestontzietan erabakitzeko afera. Badira meskitak eraikitzeari buruz galdeketak egin nahi dituztenak Europan, eta badira, egon, gutxiengoen aurka baliatzen diren galdeketak. Baina horrek demokratikotik gutxi du, eta inposatzailetik aunitz. Gehiengoaren inposizioa da, eta gehiengoak ez du beti arrazoi. Baina tira, demokratikoki hautatu zituzten politikarien aburua argia dirudi. Baztango alkatesa izandu zen plazan ateratzen bigarrena.
En fin, ailegatuko da eguna nun atzera begiratu eta irri eginen baitugu horrelako kontuez. Egun horretan, Lander Santamariak ez du idatziko gaur Noticias de Navarran argitaratu duen artikulua, edo bestela idatzi beharko du. Batzuetan gehiago kostako da, beste batzuetan naturalki sartu da dagoeneko emakumea herriko ospakizunetan. Bien bitartean, horrelako jarrera matxistak salatzen jarraitu beharko dugu. Neskek tinko eutsi dezatela, baita haiekin dantzatzen diren mutilek ere. Izenak ez du inportik, niri bost mutildantza, baztandantza, mutilneskadantza, edo Xdantza. Donostiako gizondantzan ere atera ziren emakumeak, eta ez dut horrelako iskanbilarik aditu.
Ez dago benetako argudiorik, beraz, nire aburuz eztabaida antzua da. Elizondoko txistulariak noizbait konturatuko dira, baita dantzan ateratzen ez diren mutilak ere. Eta hala ez bada, haiendako kalte. Kopuruak ez baitu inporta, lehenago daude beste gauza batzuk. Eta bai, zu zara, eta ez tradizioa; tradizioa zure esku baitago orain.
Irudia: Pello San Millan (Dantzan) by CC
Kondenatzera kondenaturik
2011 Ekaina 10 | Iritzia, euskal herria | Iruzkinik EzBadirudi betikoak izanen direla etorkizuneko Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala gobernatuko dutenak. Argituz doa PSNk biztanleengan piztu duen zalantza (nahiz eta gibelera so aski garbi argitzen ahal baitzen etorkizuna). Baina Roberto Jimenezen alderdiak perla ederrak utzi ditu egun hauetan, titularrak bete dituzten irain eta lotsagabekeriak. Irainak diot, izan ere, Bilduri ezin baitzaio galdegin espainiar Konstituzioaren eta Foru Hobekuntzaren alde egiteko. Nolatan eskatu alderdi bati bere existentziaren oinarria baztertu dezan? Bien bitartean UPNri ez dio exijitzen Opus Deitik aldendu dadin edota abortuaren zein Memoria Historikoaren legea errespeta dezan.
Baina hori ez da iraingarriena, ezta lotsagabekeriarik handiena ere. Nafarroako hedabideei esker nahiko zeharka pasatu da Uharteko PSNko zerrendaburu Karlos Garciaren delitua. Sanferminetan gazte bat jipoitu zuela ebatzi dute epaileek. Honen karietara hitzik ez dugu aditu PSNren lerroen artetik. Gainera, jakin izan dugunez, 1995ean bi urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten beste pertsona bat erasotzeagatik. Beste alderdi bateko kide balitz egunkari gehienen portadetan azalduko litzateke letra larriz. Baina Koldo Garcia PSNkoa da, ona da, nahiz biolentziaren bidea zilegi den berarendako.
Bestalde, gaur goizean jakin dugunez joan den larunbatean ezezagun batzuek Ezpala tabernako langile bat jipoitu zuten. Ez da tabernak eta ingurukoek jasandako eraso faxista bakarra, baina honen aitzinean ez da kondenarik, ez da gaitzespenik. Biolentzia hau zilegi da eta doakoa gehienetan.
Aitzitik Bilduk bai, Bilduk kondenatu beharra du ETAren historia. Bilduk kondenatu behar du PSNri sudur puntan jartzen zaiona PSNk nahi duelarik. Kondenatzera kondenaturik dago ezkertiar eta abertzaleen koalizioa. Gernikako Akordioa sinatu dute Bildu osatzen duten alderdiek, baina behin eta berriz kondenatu behar dituzte ekintza eta talde jakin batzuk. Ez hori bakarrik, PSNren hasierako plana zuritzeko ere balio du Euskal Herri osoan emaitza bikainak erdietsi dituen koalizio hau. Lau urte ditugu aitzinean, orain artean egin dugun gisan erresistentzian mantentzeko. PSN guttinaka CDN bihurtuko dela iduri du. Hirukoko alderdi orok gobernatu beharko du UPNrekin desagertu aitzin? Honela jarraituz gero, 2015ean Bildu-UPN izanen dugu gobernatzen. Unión del Pueblo Navarro – Nafarroako Herri Batasuna deitzen ahal diogu.

Powered by WordPress with Pool theme design by Borja Fernandez.
Istorio eta iruzkinen RSS jarioak.
Valid XHTML and CSS. ^Top^

[audio=http://www.euskaleskola.org/images/stories/videos/Hezkuntzaplazara.mp3]
Hondarreko iruzkinak