Ez naiz ni, tradizioa da
2011 Uztaila 26 | Iritzia, euskal herriaElizondoko bestak dira, Santioak. Urtero bezala, mutildantzak plazaratzeko egun bereziak. Azken aldian, baina, lainoturik ageri da besta, eta ez bakarrik egun hauetan zaparrada bota duten hodeiengatik. Ez da aurtengo kontua, luze dator, baina aurten ere errepikatu dira mutildantzetako gatazkak. Batzuek ez dutela neskarik onartu nahi, besteek ez dutela inolako arazorik. Herri aunitzetan sortzen den gatazka dugu hau, eta Baztanen oro har, eta Elizondon espreski bizi bizi dago polemika oraino.
Erreferenduma eskatzen dute batzuek, edo behintzat eztabaida publikoa. Haien esanetan “inposizioa” da neskak ere plazan ateratzea. Baina zer da eztabaidatu nahi dutena? Edozer eztabaidatu daiteke? Edozer erabaki dezakegu gehiengoaren jabe bagara? Ez dakit zenbat izanen diren neskek mutildantzak dantzatzearen aurkako, eta berdin dit egia esan. Hau ez da hautestontzietan erabakitzeko afera. Badira meskitak eraikitzeari buruz galdeketak egin nahi dituztenak Europan, eta badira, egon, gutxiengoen aurka baliatzen diren galdeketak. Baina horrek demokratikotik gutxi du, eta inposatzailetik aunitz. Gehiengoaren inposizioa da, eta gehiengoak ez du beti arrazoi. Baina tira, demokratikoki hautatu zituzten politikarien aburua argia dirudi. Baztango alkatesa izandu zen plazan ateratzen bigarrena.
En fin, ailegatuko da eguna nun atzera begiratu eta irri eginen baitugu horrelako kontuez. Egun horretan, Lander Santamariak ez du idatziko gaur Noticias de Navarran argitaratu duen artikulua, edo bestela idatzi beharko du. Batzuetan gehiago kostako da, beste batzuetan naturalki sartu da dagoeneko emakumea herriko ospakizunetan. Bien bitartean, horrelako jarrera matxistak salatzen jarraitu beharko dugu. Neskek tinko eutsi dezatela, baita haiekin dantzatzen diren mutilek ere. Izenak ez du inportik, niri bost mutildantza, baztandantza, mutilneskadantza, edo Xdantza. Donostiako gizondantzan ere atera ziren emakumeak, eta ez dut horrelako iskanbilarik aditu.
Ez dago benetako argudiorik, beraz, nire aburuz eztabaida antzua da. Elizondoko txistulariak noizbait konturatuko dira, baita dantzan ateratzen ez diren mutilak ere. Eta hala ez bada, haiendako kalte. Kopuruak ez baitu inporta, lehenago daude beste gauza batzuk. Eta bai, zu zara, eta ez tradizioa; tradizioa zure esku baitago orain.
Irudia: Pello San Millan (Dantzan) by CC
Iruzkinak (7) »
Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. Aipuaren URIa
Iruzkina idatzi
Powered by WordPress with Pool theme design by Borja Fernandez.
Istorio eta iruzkinen RSS jarioak.
Valid XHTML and CSS. ^Top^

[audio=http://www.euskaleskola.org/images/stories/videos/Hezkuntzaplazara.mp3]
Kaixo Araksue. Ados nago gaiaren muinarekin. Emakumeek mutil-dantzetan parte hartzeko eskubidea ez da eztabaidagarria. Baina uste dut dantzariok, inori kontuak eskatzen hasi aurretik hainbat kontu ditugula gure etxean ausnartu, aztertu, hitz egin, eta bideratzen joateko. Hau ez da zuri kritika bat, nire eta gure buruari atentzio dei bat baino, ni neu ere azken aldian emakumeen parte hartzea defendatzen ari bainaiz hainbat dantzatan, baina gure egunerokoan oraindik dantza asko ditugu berdintasunean egiten ez ditugunak eta gutxienez horiei buruzko gogoeta egitea merezi dutenak. Adibidez, ez da batere dotorea nork bere taldean Otsagabiako dantzak edo Durangaldeko ezpata-dantza zortzi mutilekin egitea, eta gero Elizondokoei aurpegiratzea ez dituztela neskak nahi mutil-dantzetan. Nire ustez, gure dantzetan emakume eta gizonezkoen parte hartzea nolakoa izatea nahi dugun gogoeta egin beharra dugu, eta horretan jarri indarrak, inori kontuak hartzen hasi aurretik. Ondo segi!
Iruzkina egilea: Oier A. — 2011 Uztaila 27 #
Aupa Oier.
Aipatzen duzun gogoetarekin bat nator. Hala ere, gauza batek ez du bestea kentzen. Emakume baztandarrek haien herrian eta haien bailaran, haien dantzak plazaratzeko eskubidea dute. Gainera, ezin da onartu publikoki mespretxatuak izatea. Zoritxarrez horrela izan zen aurten, beste behin ere.
Euskal dantza taldeek ere horrelako gogoeta batean sakondu beharko luketela ez dut dudarik. Eta, gurean ere, zaila da jendea hausnartzen paratzea. Hala ere, geroz eta dantza gehiagotan parte hartzen dute neska zein mutilek.
Aurrera bada, bada garaia horrelako hausnarketak egiteko.
Iruzkina egilea: araksue — 2011 Uztaila 27 #
Ados Oier-ek esandakoarekin. Gauza batek ez du bestea kentzen, noski ezetz, kontua da bakoitzak non jartzen duen bere xedea. Nik ez dut irakurri zure taldean (edo gurean) egiten dugun mutil-neska alderaketari buruzko kritikarik irakurri. Eta hobe norkbere sukaldeko trapuak garbitzea lehenbizi, kanpokoenak garbitzen hasi baino lehen!
Iruzkina egilea: aritz — 2011 Uztaila 27 #
Egia esan, ez dut uste idatzitakoa lekuz kanpo dagoenik.
Iruzkina egilea: araksue — 2011 Uztaila 27 #
Uste dut gauzak nahasten ari garela. Niretako Baztanen gertatzen denak ez du zerikusi handirik dantza taldeek egiten ahal dutenarekin (salbu dantzatzen dutela). Baztanen sortu den iskanbila gauza publikoa da eta gure gizartearen arazo bat. Gainera uste dut tradizioa aldatze horretan zeresan handiagoa izanen dutela tokian tokiko tradiziozko ekitaldi horietan parte hartzen dutenek dantza talde batean emanaldi edo espektakuluak egiten dituztenek baino. Azkenean dantza talde batek nahi duena eginen du, dantza talde horren jarduerarengan izanen du eragina. Baina herri bateko bestetako egun handian gertatzen denak herriari eragiten dio. (ez dut esan nahi dantza taldeek ez dutenik eragiten, baina beste modu batean). Alardeetan ere ikusi dugu antzeko eztabaida eta nik uste dut euskal gizartean eztabaida horrek eragin handia duela. Emakumeok gure herriko tradiziozko uneetako partaide izan nahi badugu zerbait egin beharko dugu. Gehiegi esaten du euskal gizarteaz horrelako gatazkak egoteak. Emakumeok orain arte gizonezkoena zen eremu batean sartu nahi dugun bakoitzean gogor borrokatu behar dugu.
Ni ez naiz baztandarra eta uste dut afera hau baztandarrek gainditu beharko dutela. Baina horrek ez du esan nahi ongi bere herritarrak emakume izan eta mutildantzetan parte hartzeagatik mesprezatzen badituzte onartu behar dudanik. Niri Iruñean nonbaiten parte hartu nahi eta ez badidate uzten emakume izateagatik eta gainera mespretzuz aritzen bazaizkit nahiko nuke euskal gizarteak ikustea jarrera hori ez dela egokia. Niretzako larriena da horrelako gaien aurrean izaten diren jarrera sutsuak. Tradizioaren aitzakiaz erdi izkutuan ditugun jarrera eta molde batzuk ateratzen dira, politikoki ez egokiak direnak baina gure gizartean errotuta daudenak. Akaso horregatik ditugu erdi izkutuan. Ez naiz sartuko ea emakumeek dantzatu behar duten edo ez, hori ikusiko dute baztango herritarrek, eta argi dago atera badira atera behar direla uste dutelako izanen dela. Gutxienez errespetuz egin beharko lukete eztabaida.
Beste kontuaren harira, uste dut dantza taldeek errazago dutela herriaren atzetik joan gai hauetan eta ez aurretik, nahiz eta badiren kasuak zeinetan aurretik joan diren edo garen. Dantza taldeena beste eztabaida bat da, interesgarria baina beste eremu batekoa.
Iruzkina egilea: Irune — 2011 Uztaila 27 #
Aupa Irune! Ni ordea uste dut lotura handia dutela horrelako tradizioek eta dantza taldeotan egiten ditugun dantzak. Hain zuzen ere, egiten ditugun dantza gehienak horrelako tradizioetan jasotakoak izaten dira, eta taldeotan aldarrikatzen dugun tradizioarekiko fideltasunaren izenean oso kontuan hartzen dugu tokian tokiko tradizioetan zein jarrera dagoen genero kontuekin. Otsagabian emakumeek dantzatuko balituzkete modorro, enperadorea eta abar, gure dantza talde askotan ere, lehenago edo beranduago hasiko ginateke neskei aukera hori ematen. Baina ez hori bakarrik. Dantza taldeotan egiten duguna eredu izaten da askotan tokian tokiko hainbat tradizioetarako. Erronkariko ttun-ttuna Oberenak jaso eta dantzatu ez balu, eta horretarako Erronkariko jantziak erabili ez balitu, ziur aski gaur Izaban ez litzateke ttun-ttunik dantzatuko, eta dantzatzekotan akaso ez lukete jantzi horiekin egingo.
Baina hori alde batera utzita, dantza taldeotako dinamika eta tokian tokiko tradizioetako erabat bananduta egongo balira –eta ez dut uste hala daudenik, baina jar gaitezen egoera horretan–, oraindik arrazoi gutxiago ikusiko nuke tokian tokiko tradizioetan gertatzen direna salatu eta gure buruari ez erreparatzeko. Tradizio lokaletan ez bezala, gure dantza taldeetan dantzak, jantziak, koreografiak, urratsak, doinuak eta hainbat ezaugarri aldatu ditzakegu, eta aldatzen ditugu, nahita ala nahigabe, baina eten-gabe, eta ez da horregatik ezer gertatzen. Ez dugu urtero egun eta toki jakin batean, eta dantza berbera urtero ezagutu, bizi eta dantzatu izan duen publiko berdinaren aurrean dantzatzen normalean, eta beraz, nire ustez, askoz askatasun handiago dugu horrelako gauzak aztertu, pentsatu eta bideratzeko. Zur iritziz dantza taldeek errazago dute herriaren atzetik joatea aurretik baino, eta nik justu kontrakoa pentsatzen dut. Dantza taldeetan ez dugu herrietako festetan duten lotura itxia tradizioarekin, eta eredu izan beharko ginateke, kontu hauek nola bideratu daitezkeen erakusteko.
Elizondoko auzira itzuliz, nik ez dut zalantzarik, emakumeek berea dute mutil-dantzak dantzatzeko eskubidea, eta hori ez dago eztabaidatzerik. Baina gure dantza taldeetako neskek ere izan behar dute eskubidea mutilek egiten dituzten dantza berberak egiteko. Eta eskubide teoriko hori praktikan nola bideratu dezakegun pentsatu, ausnartu, eztabaidatu eta erabakitzen dugun bitartean, ni ez naiz sentitzen inor Elizondon mutil-dantzetan nesken parte hartzearekin ados agertzen ez direnak kritikatzeko.
Iruzkina egilea: Oier A. — 2011 Uztaila 29 #
[...] neurrian, eta ez komunikabideek erakusten duten proportzioan. Gai honen inguruan sarrera idatzi du AraksuEhe-k bere blogean, eta hor ere iritzi trukean ari gara. Nire ustez, dantza taldeotan emakumeen berdintasuna [...]
Pingback egilea: Mutil-dantzak eta nesken parte-hartzea - Dantzing — 2011 Uztaila 29 #